Konbergentzia

2018ko Euskaraldiaren ikerketak agerian utzi zuen: herritarren hizkuntza ohiturak aldatzeko interbentzioek norbanakoen mailatik harago joan beharko dute, testuinguru sozialerako ere baldintza berriak planifikatuz eta bideratuz.

Erabilerako baldintza sozial berri horiek bermatzeko, udal baten hizkuntza-politika estrategikoa da herritarren eta inguruko entitateen aktibazioan eta hizkuntza-ohituren aldaketan. Herritarrengandik hurbilen dagoen instituzioa da udala. Herritarrek hurbilen sentitzen duten erakundea da. Egunerokotasunean udalarekin harreman ugari izaten dute, bai eta udalaren zerbitzu eta eskaintza asko jaso ere. Inguruko entitateentzat eta herritarrentzat hizkuntzak kudeatzeko eredu bat dira udalak, imitatzeko erreferentzia bat. Era berean, instituzio publikoa den heinean herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzeko erantzukizuna du. Beraz, herritarren hizkuntza-eskubideak erdigunean jarrita garatu beharko luke udal batek bere hizkuntza-politika.

2018ko Euskaraldia dela eta, Lautadako 8 udal, Kuadrilla eta Administrazio Batzarreko ordezkariek egindako adierazpena eta argazki kolektiboa.

Lautadako 8 udaletan 3 alderdi politikok agintzen dute. Alderdi, agintari eta egoera sozial ezberdinak badira ere, Lautada mailan, 8 udalek eta Kuadrilla, koordinatuta eta bateratuta funtzionatzeko mekanismoak beharrezkoa dira hizkuntza ohituren aldaketan eraginkorragoak izateko. Era berean, eraginkortasun hori bikoizteko Lautadako eragile sozialak kontutan hartzea beharrezkoa jotzen dugu. 

2020an konbergentzia-bateratze bikoitza bilatzeko bidea abiatzea proposatzen dugu, beraz. Alde batetik Kuadrilla mailan, eskualde mailan, bateratutako hizkuntza politika bat eta bestetik eragile sozialekin bateratuta. Instituzioek eta eragile sozialek konbergentzia-bateratze hori adostu beharko genuke: bilera maiztasuna eta egutegia, ordezkari mota eta kopuruak…

Bilera horietan 8 udalek neurriak eta konpromisoak hartuko lituzke Lautadako Euskararen Mahaia osatu ahal izateko helburu. 2020ko konbergentzia prozesuaren ondorioz, 2021ean, mahai bakar baten inguruan prest egongo ginateke Lautadako hizkuntza-politika egin ahal izateko: Lautadako Euskararen Mahaia. 

Konbergentzia-bateratze prozesu horretan lagungarria eta eredugarria izan daiteke Europako Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa (HEBP), eta ondoren Kontseiluak garatutako Udal Garapena protokoloa. HEBP Europan hizkuntza gutxituen alde lan egiten duten gizarte eragileek inoiz egin izan duten ariketarik erraldoienaren ondorioa da. Era berean, lagungarria suertatuko zaigu Euskadiko Toki Erakundeei Buruzko apirilaren 7ko 2/2016 legea eta 179/2019 dekretua, azaroaren 19koa, Euskadiko toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera instituzionala eta administratiboa normalizatzeari buruzkoa.