Hizlariak eta sarrerak

Zein faktorek eragiten dute adostasuna lortzeko?

Andere Ormazabal (Joxemi Zumalabe Fundazioa) EHUko Politika eta Administrazio Zientzien Saileko irakaslea eta Parte Hartuz Ikerketa Talde Kontsolidatuko kidea. Horren baitan, ondorengo ikerketa lerroak jorratzen ditu: partaidetza, feminismoa, herri mugimenduak eta gobernantza. Joxemi Zumalabe Fundazioko kidea da; Kultura politikoen gogoeta ildoan dihardu, eta Dabilen harriari goroldiorik ez: militantziaz eta horizontaltasunaz hausnartzen izenburu duen lan kolektiboan parte hartu zuen.

Ainhoa Narbaiza (Joxemi Zumalabe Fundazioa). Bergararra. Soziologoa eta Joxemi Zumalabe Fundazioko kidea. Herri mugimenduen dinamizazio, formakuntza eta gogoeta prozesuetan laguntzen batez ere. Honez gain, irrati libreetan zein mugimendu feministan aktiboki dihardu.

Hitzaldiaren sarrera
Taldeek egitura bat izan ohi dute euren egunerokoaren zein proiektuaren kudeaketa aurrera eramateko. Nork eta nola erabakiko duen hasieratik argitzea komeni da; izan ere, boteraren desorekak gutxitu ahal izango ditugu, erabakian inplikatuta dauden alde guztiak barnebiltzen baditugu. Erabaki hartze prozesuen osagaiak -erabaki motak eta prozedurak- aztergai izango ditugu gure hitzartzean.

 

Nola izan portaera asertiboa hizkuntza-praktika berriak adostu nahi dituen talde batean?

Ainhoa Lasa (EMUN) Ainhoa Lasa (EMUN) Motibazio eta portaera aldaketen inguruko gaietan aholkularia eta coach linguistikoa. Hizkuntza portaeretan eragiteko hainbat hausnarketa-tailerren sortzaile eta dinamizatzaile arlo sozioekonomikoan, administrazioan eta herritarrekin oro har. Azken 10 urteotan, Euskal Herriko errealitate anitzak ezagutzeko eta sortutako beharrei erantzuteko aukera izan dut. Jorratutako ikerketa lerroak: hizkuntza portaera asertiboaren hautematea eta hizkuntza portaera pertsonal eta kolektiboak aldatzeko metodologiak. Hitzaldiaren sarrera
Aldaketen aurrean, batzuen berritasunerako ilusioa eta besteen erresistentzia kudeatu behar izaten ditugu. Baina nola egin hori? Nola elkartu taldea helburu berdinerako bidean? Praktika berriek sor dezaketen erantzuna eta sor daitekeen antsietatea murrizten laguntzeko gakoak ezagutuko ditugu.

 

Zergatik begiratu hizkuntza-praktikei talde ikuspegitik? 

Pablo Suberbiola (Soziolinguistika Klusterra). Soziologian Lizentziatua (EHU), HIZNET hizkuntza-plangintzan graduondokoa (2001-02) eta Humanitateetan Masterra (UOC, 2017). Horrez gain, hizkuntza normalizazio eta Soziolinguistikaren inguruko hainbat ikastaro eta jardunaldi. 1991tik 1999ra Ttakun Kultur Elkartean dinamizatzaile, 2002tik aurrera berriz, soziolinguistika arloan ikerlari eta teknikari lanetan. SEI Elkartean lehenik, eta ondoren Soziolinguistika Klusterrean. Klusterreko proiektuetan aritzen da ikerlari-teknikari, besteak beste: Arrue Ikerketan, Aldahitz Ikerketan, EraLan-en edo D ereduko kirola-n. Proiektu horiei lotutako zenbait argitalpen ere landu ditu (normalean unibertsitateko irakasleekin lankidetzan). Hitzaldiaren sarrera
Gure hizkuntza-erabilerei eta hizkuntza-praktikei buruz galdetzen digutenean, gehienetan lehenengo pertsonan sortzen zaizkigu galderak gure buruan: “Nolakoak da nire hizkuntza-praktikak?”, “Zenbat erabiltzen dut?”, “Norekin egiten dut nik euskaraz/gaztelaniaz?” eta antzerakoak. Hizkuntza-erabilera, ordea, ez da jokaera indibiduala, taldekoa eta elkarrekintzazkoa baizik. Hortaz, hizkuntza-praktika berriei ekin nahi diegunean ere, askoz praktikoagoa eta eraginkorragoa zaigu gure arreta norbanakoaren mailatik taldearen mailara pasatzea.

 

Udal lantalde batean, nola proposatu hizkuntza-praktika berriak adosteko? 

Iraitz Lazkano Garitaonaindia (UEMA). Elgeta, 1987. Politika eta administrazio zientzietan lizentziatua da. XXI. mendeko euskal nazionalismoari buruzko ikerkuntza masterra egin zuen, eta turismo teknikari eta gida lanetan aritu izan da. Elgetako alkatetzan bigarren agintaldia du honakoa. 2019ko urriaz geroztik, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakaria ere bada. Hitzaldiaren sarrera
Udal baten funtzionamenduan, beste edozein erakunderenean bezalaxe, urteetan hartutako inertziak dira aldaketarako oztopo nagusi. Dena dela, udal askotako esperientziak aldaketa posible dela erakutsi digu, eta horretan jardun dugu bereziki UEMAn bildu diren udalerri euskaldunok. Aitzindaritza lana oso garrantzitsua da inor aldaketarako ERABAKIA hartzera bideratzerako orduan, ikusi egin baitaiteke proposatzen ari zaren hori. Behin erabakia hartuta, aldaketarako ezinbesteko tresnak dira plangintza estrategikoak eta urteroko kudeaketa planak. Udal ordezkaritzak berariaz ematen duen lidergoan eta erreferentzialtasunean jarri beharreko arretaz eta beste hainbat faktorez arituko gara hitzaldian.


Enpresaren eta langilearen interesen ikuspuntutik, zein argudio eman hizkuntza praktika berriak adosteko lantalde batean? 

Karmelo Aiesta (Zeberio, 1963). Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoan ikasi ondoren, automobilgintzako zenbait enpresetan egin du lan urte askoan, Euskal Herrian, Amerikako Estatu Batuetan, Frantzian, Alemanian eta Erresuma Batuan. Arrigorriagako euskara elkarteko eta Topaguneko zuzendaritza batzordeko kidea da. Hitzaldiaren sarrera
Euskalgintzako eragileek, aholkularitza zerbitzuek, instituzioek eta enpresa batzuek lan handia egin duten arren, gutxi dira euskararen sustapenari ekin dioten enpresa pribatuak. Oztopoen artean egon daiteke orain arte negozio arloan erabili den diskurtsoa. Negozio pribatuen munduak bere errealitate propioa du eta diskurtsoek ez dute oihartzun handirik izango enpresa pribatuetan haien ezaugarrietara moldatu ezean. Hitzaldi honen asmoa da negozio ikuspegitik garatzea euskararen sustapenaren aldeko diskurtsoa, negozioaren lehiakortasuna eta langileen interesak oinarri hartuta.

 

Zein pausu eman du Mugimendu Feministak hizkuntza-praktika berriak adosteko? 

Alazne Beltran de Lubiano (Bilgune Feminista) Gasteiztarra. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzan graduatua eta heziketa fisikoan espezializatua. Hezitzailea urte luzez. Herri Mugimenduko espazio anitzetan ibilitakoa. Batez ere, Gazte Mugimenduan (Judimendiko Gazte Asanbladan, kasu) eta Mugimendu Feministan aritua. Egun, Euskal Herriko Bilgune Feministako kidea. Hitzaldiaren sarrera
Euskal Herriko Mugimendu Feministan erronka handia (izan) da hizkuntza praktika berriak adostea. Euskara ere erdigunera ekartzea izan dugu helburu baina horretarako, aniztasunaren kudeaketa egokia egitea ezinbestekoa izan da. Gure erronka, zeregin hau zaintza eta enpatiatik burutzea da. Baina horretarako, zein prozesu eman ditu Mugimendu Feministak? Zein pausu eman du Mugimendu Feministak hizkuntza-praktika berriak adosteko?

 

Handitu tipografia
Kontraste handia