Zer da ekonomatua?

ZER DA EKONOMATUA?

Hizkuntza-ohiturak euskarara eramateko gune bat da ekonomatua. Euskaraz aritzen diren LEK-eko bazkideei euskaraz eroso aritzeko gune bat eskaini nahi diegu, tokikoak eta ekologikoak diren produktuak eskura jarriz. Baina hizkuntza-ohituren aldaketan urrunago joan nahi dugu eta hizkuntza-portaera berri batzuk ere sustatu nahi ditugu ekonomatuan:
Euskaraz ulertzen duten bazkideei baina erdaraz hitz egiten dutenei ere euskaraz egingo diegu; ekonomatuan bazkideak artatuko dituen boluntarioak euskarari eutsiko dio kasu horietan, ez da erdarara
pasatuko.
Euskaraz gutxi edo oso gutxi ulertzen dutenei euskara egokituan egingo diegu LEK-eko ekonomatuan. Kasu horietan Ulerrizketa metodologiaren hizkuntza-portaerak praktikara eramango ditugu ekonomatuan: poliki hitz egin, esaldi motzak, aditz errazak, erdarazko hitzak tartekatu eta ea ulertu duen sarritan galdetu.

LEK-ek sustatutako ekimena da ekonomatua, eta LEK-eko kide diren bikote, familia eta norbanakoentzako aukera bat da, ez da ohiko denda bat..

ZERGATIK EROSI EKONOMATUAN?

-Lautadan euskaraz bizitzeko beste aukera bat sortzen lagunduko duzuelako, Lautadako Euskararen Komunitatearen parte izanik.
-Jango dituzuen elikagaien ekoizteko era eta nekazal errealitatea gertutik ezagutzeko aukera izango duzue.
-Bertako nekazaritza bultzatuko duzue eta ekoizle berriak egotea ahalbidetuko duzue, Lautadako elikadura burujabetzan zuen alea ipiniz.
-Garraioak eragindako kutsadura gutxituko duzue. Zabor gutxiago sortuko duzue.
-Guztien ongizaterako ekonomia eraldatzailea sustatuko duzue, Lautadako ekoizleei prezio justua ordainduz, lan duina sortuz.
-Lautadako Euskararen Komunitateari autofinantzatzen lagunduko diozue.

ZER AURKITUKO DUZUE?

Ekonomatuan euskaraz bizitzeko gune bat aurkituko duzue.

Egunero edota astero behar diren produktuak eta garaiko elikagaiak aurkituko dituzue. Balore etikoetan ekoiztuak eta nekazaritza ez-produktibistan oinarrituak. Lautadako barazkiak, eztia, zukua, irinak, fruitu lehorrak, ogia, lekaleak, gaztak, kontserbak, arrautzak, hestebeteak, garagardoa, pattarrak, belarrak… Eta beste produktu batzuk ere eskainiko ditugu: artisautza, garbiketa eta kosmetika produktuak…

Ordutegi honetan egongo da irekita: astearteetan 10:30-13:00, ostegunetan 17:00-19:30, larunbatetan 11:00-13:30.

Produktu freskoak astero enkargatu daitezke LEK-ko web gunetik eta ostegunetan jaso daitezke ekonomatuan bertan. https://lautadaneuskaraz.eus/egitasmoak/ekonomatua/

Ekonomatuan ekoizleen lana balioztatu nahi dugu. Eurekiko harremana zuzena da. Haiek zehazten dute jaso nahi duten diru-saria. Ekonomatuak ehuneko zehatz batzuk aplikatzen dizkie ekoizleek jarritako prezioei, bi helbururekin: ekonomatuaren gastuei aurre egitea eta Lautadako Euskararen Komunitatearen egitasmoak finantzatzea. Ekonomatuan ez daukagu dirua irabazteko asmorik.

ZER DA LAUTADAKO EUSKARAREN KOMUNITATEA?

Irabazi asmorik gabeko elkarte bat da
. Lan boluntarioan oinarritzen du bere jarduera, hau da, komunitatearen alde norberaren erabakiz lan egiten duten pertsonen lanean.

Euskara erabiltzen duten edo gehiago erabili nahi duten Lautadako kolektibo, establezimendu, lantegi, batzar administratibo, bikote, familia eta lagun-kuadrillen bilgunea da. Entitate eta talde horiek artikulatzeko gune izatea nahi dugu, elkarrekin norabide berean aritzeko. Taldea jartzen dugu erdigunean, hizkuntza-ohiturak ulertzeko eta aldatzeko sistema eraldatzaile gisa. Lautadako arlo sozial guztietan euskararen erabilerarako baldintza egokiak sortu nahi ditugu.

2017an eratu zen eta mugimendu soziala da; eragile eta iraunkorra izatea nahi dugu.

Komunitatearen helburuarekin bat egin eta euskara gehiago erabiltzeko konpromisoak hartzen dituzten entitate pribatu, familia, bikote eta lagun-kuadrillak izan daitezke Komunitatearen kide. Norbanakoak norbanako bazkide izan daitezke. Izan zaitezte kide, egin klik hemen.