Aldahitz proiektuan hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabilera handiagoa eragiteko metodologiak sortu ditu Soziolinguistika Klusterrak, Pello Jauregi irakaslearen zuzendaritzapean, 2010etik hona. Metodologia hauek lan-munduaren testuinguruan sortu eta probatu izan dira nagusiki. Hala ere, azken urteetan, beste testuinguru batzuetara egokitzeko proba pilotuak ere martxan jarri dira.

2020ko udaberritik Soziolinguistika Klusterra eta Arabako Lautadako Euskararen Komunitatea elkarlanean ari dira hizkuntza-ohiturak aldatzeko metodologiak harreman afektiboetan baliatzeko. Zehazki Eusle metodologia praktikan jarri da hiru lagun-talde edo kuadrilletan. Eta Ulerrizketa metodologia baliatu dute Lautadako herri desberdinetako 5 bikotek.

Lagun-talde eta bikote hauek, aipatutako metodologietan zehaztutako rolak baliatzeko beharrezko azalpenak eta formakuntza jaso zituzten irailean zehar Pello Jauregiren eskutik. Baldintzak ongi ezagututa, erabakia hartu zuten proba pilotu honetan parte hartu eta hizkuntza-ohiturak aldatzeko ahalegina egitekoa. Ondoren, 8 astetan zehar praktikan jarri dute adostutako hori. Soziolinguistika Klusterra arduratu da esperientziaren jarraipenaz eta prozesu osoan zehar datuak biltzeaz. Orain bildutakoak eta hiru hilabete pasa ostean esperientziak utzitakoa ezagutzeko egingo den azken datu-bilketarekin, proba pilotu hauen emaitzak 2021eko udaberrian izatea aurreikusten da.

Proiektuak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Lautadako Kuadrillaren finantziazioarekin eramaten ari da aurrera.

Handitu tipografia
Kontraste handia