Hizkuntza-ohiturak euskarara eramateko gune bat da ekonomatua. Euskaraz aritzen diren LEK-eko bazkideei euskaraz eroso aritzeko gune bat eskaini nahi diegu, tokikoak eta ekologikoak diren produktuak eskura jarriz. Baina hizkuntza-ohituren aldaketan urrunago joan nahi dugu eta hizkuntza-portaera berri batzuk ere sustatu nahi ditugu ekonomatuan:
-Euskaraz ulertzen duten bazkideei baina erdaraz hitz egiten dutenei ere euskaraz egingo diegu; ekonomatuan bazkideak artatuko dituen boluntarioak euskarari eutsiko dio kasu horietan, ez da erdarara pasatuko.
-Euskaraz gutxi edo oso gutxi ulertzen dutenei euskara egokituan egingo diegu LEK-eko ekonomatuan. Kasu horietan Ulerrizketa metodologiaren hizkuntza-portaerak praktikara eramango ditugu ekonomatuan: poliki hitz egin, esaldi motzak, aditz errazak, erdarazko hitzak tartekatu eta ea ulertu duen sarritan galdetu.

Balore etikoetan ekoiztuak eta nekazaritza ez-produktibistan oinarritutako produktuak eskainiko ditugu; ekologiko ziurtagiria dutenak edo gabe. Lautadako barazkiak, eztia, irinak, fruitu lehorrak, ogia, lekaleak, gaztak, kontserbak, arrautzak, hestebeteak, pattarrak, belarrakā€¦ Eta beste produktu batzuk ere: artisautza, garbiketa eta kosmetika produktuakā€¦ Gure web gunetik, astero, produktu fresko batzuen eskaera egin ahal duzue eta ostegunetan jaso. https://lautadaneuskaraz.eus/egitasmoak/ekonomatua/

Ekonomatuan ekoizleen lana balioztatu nahi dugu. Eurekiko harremana zuzena da. Haiek zehazten dute jaso nahi duten diru-saria. Ekonomatuak ehuneko zehatz batzuk aplikatzen dizkie ekoizleek jarritako prezioei, bi helbururekin: ekonomatuaren gastuei aurre egitea eta Lautadako Euskararen Komunitatearen egitasmoak finantzatzea. Ekonomatuan ez daukagu dirua irabazteko asmorik.

Aguraingo Kale Nagusia 13an kokatuta dagoen lokala auzolanean ere egokitu dugu. Ekonomatua martxan ipintzeko asmoz apirilean lanean jarri ginen eta uztailaren erdialdean ireki genuen.

Astean 3 egunetan irekita dago, ondorengo ordutegi honetan: astearteetan 10:30-13:00 eta 17:00-19:30, ostegunetan 17:00-19:30, larunbatetan 11:00-13:30. LEK-eko bazkide batzuek txandak egingo dituzte ordutegi horietan ekonomatura etorriko diren bazkideak artatzeko.

Lautadako Euskararen Komunitateak sustatutako ekimena da ekonomatua, eta Komunitate honetako kide diren bikote, familia eta norbanakoentzako aukera bat da, ez da ohiko denda bat. LEK-eko kide izateko esteka duzu hemen: https://lautadaneuskaraz.eus/kide/

Hemen deskargatu ahal duzu ekonomatuari buruzko azalpenak ematen den esku-orria
2020-04-16 ekonomatoa esku orria (3)