Abenduaren 7an egindako bileran Lautadako EAJko hainbat ordezkarik Lautadako Euskararen Komunitateko ordezkarioi transmititu ziguten azkeneko 3 urtetan sinatutako hitzarmenak 2021ean ez berritzeko asmoa, Euskaraldiaren antolakuntzan Lautadako Kuadrillako Euskara Zerbitzuaren lidergoa nahi dutela argudiatuz.

Lautadako Euskararen Komunitateak adierazi nahi du komunitate hau eskualde osoan eta elkarlanean aritzeko xedearekin eratu zela 2017an. 2018tik, Lautadako Euskararen Komunitatearen iniziatibaz, Lautadako 8 udalekin eta Kuadrillarekin Euskaraldia antolatzeko elkarlan-hitzarmenak sinatu ziren. Gaur egun, Lautadan, Euskaraldia antolatzeko interesa dute bertako instituzio publikoek eta eragile sozialek. Honen ondorioz, nahitaez, Lautadako instituzio publiko eta eragile sozialen arteko elkarlana adostu beharra dugu, lidergoa partekatuz, baliabideak ipiniz eta Lautadako 8 udal eta Kuadrillaren arteko adostasun instituzionala/politikoa lortuz. Lautada osoan, era koordinatuan eta elkarlanean soilik, lortuko dugu hizkuntza-ohituren aldaketa eta Euskaraldia arrakastatsua. Lautadan, hizkuntza-ohituren aldaketa eta Euskaraldiaren antolakuntza elkarlanean burutu behar dugu, ez instituzio publiko batzuen lidergoan. Elkarlan hori egingarria egiteko, Lautadako 8 udal eta Kuadrillaren arteko konbentzimendua eta adostasun instituzionala/politikoa eskatzen dugu. Elkarlanaren bidean pausuak emateko prest gaude Lautadako Euskararen Komunitatean eta 2018an Lautadan abiatu zen elkarlan hori fintzeko ilusioa eta borondatea dugu.

Instituzio publikoak eta eragile sozialak elkarrekin lan egiteak ez du esan nahi ezberdintasunik ez egotea. Bakoitzak funtzio bat betetzen du, bakoitzak bere izaera eta prozedurak dauzka, bere ahalmenak eta mugak. Ezberdintasun horiek onartuz aritzeak emankorragoa egiten du gure arteko harremana. Horregatik guztiagatik, Lautadako Euskararen Komunitateak abenduaren 7an gurekin bildu ziren Lautadako EAJ-ko ordezkariei eskaera egin nahi die elkarlanerako borondate zintzoa adieraztea eta horretarako baliabideak ipintzea.