Lautadako Euskararen Komunitatean (LEK) kide izateko kanpainan martxan ipini dugu.

Batu gaitezen! Jar gaitezen norabide batera! Hori da LEK-en misioetariko bat: norabideak bateratzea eta taldeak artikulatzea.

Lautadan, 2016tik hasitako ariketa kolektiboen bitartez, hizkuntza-portaera batzuk bateratzen ari gara eta horrela erabilerarako inertzia sozial bat sortzen ari gara; erabilerarako baldintza egokiagoak sortu nahi ditugu. Euskara beharrezkoa izatea nahi dugu eta hainbat egoeretan lortzen ari gara. Zein portaera bateratzen ari gara?
–Euskaraz ulertzen dutenei euskaraz egitea (nahiz eta solaskideak erdaraz erantzun), lehenengo hitzak beti euskaraz egitea eta euskaraz ulertzen duenak besteei eskatzea euskaraz egiteko.
–Euskaraz gutxi ulertzen dutenekin tarteka euskaraz egitea, poliki hitz egitea, euskara erraza erabiltzea eta noizbehinka galdetzea ea ulertu duen.
–Eta euskaraz ulertzen ez dutenek, zer egin dezakete? Dakizkiten hitzak erabili, euskara entzuteko eta ikasteko borondatea eduki eta talde batean euskaraz hitz egiten denean egiten utzi, nahiz eta egoera horretan guztia ez ulertu.

Portaera horiek praktikan ipintzeko batuko gara? Familiak, elkarteak, lagun-kuadrillak, bikoteak, lantegiak, dendak… izan zaitezte kide!!!

Kide izan nahi duzue, baina, taldea edo norbanakoa?

Lautadako Euskararen Komunitatean taldea lehenesten dugu. Eragin ezazu zure inguruan talde erabakiak hartzeko: familia, bikotea, lagun-kuadrilla, entitatea…

TALDEA (elkarteak, establezimenduak, lantegiak, familiak, bikoteak, lagun-kuadrillak…)
Lautadako Euskararen Komunitatean gizartearen sistema eraldatzailetzat hartzen dugu taldea. Izan ere, talde izaera duten entitate eta talde afektiboetan hartzen diren erabaki kolektiboak oso eraginkorrak dira hizkuntza-ohitura aldaketetan. Horregatik, Lautadako entitateak (elkarteak, lantegiak, batzar administratiboak, establezimenduak, asanbladak) eta talde afektiboak (familiak, bikoteak, lagun-kuadrillak) dira LEK-en funtzionatzeko ardatza eta hauek izan daitezke LEK-ko kide osoa. Kide osoa direnek LEK-ko erabaki guneetan parte har dezakete eta onura batzuk izango dituzte:

-entitateek itzulpen zerbitzu mugatua dohainik izango dute eta deskontua izango dute entitateko ekipo informatikoak euskaratzeko zerbitzuan.

-etxe berean bizi diren familia edo bikote baten kide guztiek ekonomatuan erosteko aukera izango dute.

NORBANAKOA
Norbanakoak ezin du LEK-ko kide osoa izan. Baina, LEK-ko bazkide norbanakoa izan ahal da. Bazkide norbanakoa da prest dagoena hizkuntza-ohitura aldaketan konpromiso batzuk hartzeko, eta elkarteari diru-ekarpen bat egin nahi diona; dohaintzaren bat eginez, urteko kuota ordainduz edo puntualki ekintza batean. Bazkide norbanako honek LEK-k eskaintzen dituen zerbitzu batzuk (ekonomatua) erabili ahal izango ditu. Baina ez du kide izaera osoa izango, ondorioz, ez du elkarteko erabaki guneetan erabakitzeko aukerarik izango.

LEK-ko kide osoa edo bazkide norbanakoa izateko konpromisoa hartu behar duzue; zuen entitatean edo taldean euskararen erabilerako baldintza egokiak sortuko dituzuela. Horretarako, hizkuntza-portaera hauek sustatu eta praktikan ipintzeko konpromisoa hartu behar duzue:

–Euskaraz ulertzen dutenen artean: lehenengo hitzak beti euskaraz egitea, ulertzen duenari euskaraz egitea (nahiz eta berak erdaraz erantzun) eta euskaraz ulertzen duenak besteei eskatzea euskaraz egiteko.

–Euskara gutxi ulertzen dutenen artean: tarteka euskaraz egitea, poliki hitz egitea, euskara erraza erabiltzea eta tarteka galdetzea ea ulertu duen.

–Euskaraz ulertzen ez dutenen artean: dakizkiten hitzak erabiltzera proposatu, euskara ikastera animatu, talde batean euskaraz hitz egiten denean uztea egiten nahiz eta egoera horretan guztia ez ulertu.

Zuen familian, entitatean, lagun-kuadrillan, bikotean… konpromiso horiek hartzeko prest bazaudete jarrai ezazue kide izateko prozesua: aukeratu zein den zuen taldearen izaera eta ondorengo galdetegi batean zuen datuak eman beharko dituzue. Aukeratu zer zareten, klikatu hauetako baten gainean: